XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Lafonen eritziz, beraz, herri osoarentzat, ez jende ikasi landuarentzat, egina zen latinezko kristau poesiatik sortu ziren euskal bertso horiek; hots, Erdi Aroko poesia ritmikoa deritzanetik, ez antzineko poeta klasiko erromakoek egin ohi zituzten silaba luzez eta laburrez hornituriko bertso landuetarik eta Erdi Aroan berean ere jende eskolatu gutxi batzuek, apaiz, fraile eta gainerakoek, egiten zituzten eta ritmo kuantitativoa zuten bertsoetarik.

Honelakoxea da, esate baterako, Etxeparek liburuaren azkenean, Ovidiogandik harturik, oker ez banago, ezarri zuen hura: Debile principium melior fortuna sequatur.

Honelakoxeak ere Ziburuko Etxeberriri bi lagunek, bere liburuagatik zorionak emanez, egin zizkioten eta liburu beraren, Manual devotionezcoaren, hasieran irakur daitezkeenak.

Eta diodan bidenabar Virgilio edo Ovidiorenek ez dietela asko kentzen.

Baina, berriro esan, aspaldi galdutako bertsogintza zen hori; eskoletan ikasiek eta antzineko poesiazaleek bakarrik zekiten, gaur ere oraindik bakarren batzuek dakiten bezalaxe, lanez eta nekez era hartako bertsoak egiten.

Hirugarren edo laugarren mendeaz gero, ordea, latinez mintzo zirenek silaba luze-laburren bereizkuntza galduz gero, beste bertsogintza bat sortu zen, ritmikoa deritzana, silaba kontu jakinez eta bertsoaren azkenean puntu edo rimaz hornitua.

Hau gailendu zen herrian, latin zaharra ez zekien jende artean.

Hau bereganatu zuen Elizak ere eta hala eginak dira Tantum ergo eta Dies irae dies illa eta abar.

Elizak antzinadanik landu zituen eta herriak kantatzen zekizkien bertsoen tankera dute, beraz, Etxepareren bertsoek.

Esan dugu, gainera, Etxepare ez ezen garai hartako euskal poetarik gehienak halakoxe hamabost silabatako bertsoz baliatu zirela.

Etxeparek eta bestek badute bestelakorik ere, hamaika silabatakoak (Uztaçu hurrancera amore mayte dioela hasten den Xgarren Amorosen disputa, esate baterako) eta abar; baina gehienak, ehunetik laurogei eta hamar, hamabostekoak ditu, eta guztion antzekoak aurki ditzakegu Erdi Aroko latinezko bertsoez ari den edozein esku liburutan, Sueziako Norberg-enean, esate baterako.

12. Etxepareren hamabostekoen eskema ez da, E Lewy-k eta R. Lafonek uste izan zuten bezala, 8+7 silabez osatua, hots bi bertso erdi soilik dituena,(...).